TITLE_Sala-Prensa_Noticias-eventos

Berriak eta Gertaerak

Eduki publikatzailea

Volver Hegazkin komertzialen emisioak murrizteko motor elektriko berri bat

Hegazkin komertzialen emisioak murrizteko motor elektriko berri bat

19 | 07 | 2024

Amaitu da Ceit zentro teknologikoak SUPRASYS, Antec Magnets eta Alcorza Berango enpresekin batera gidatutako HIVOMOT proiektu europarra. Proiektu honek eskualdeko hegazkinen berotegi efektuko gasen emisioa murriztea lortzen duen motor elektriko prototipo bat garatu du.

Egungo turbinen ezaugarriak berdintzeko gai den motor elektriko esperimental bat diseinatu da, baina 50 bidaiari baino gehiagorentzako aireontzi baten ezaugarri berberekin.

HIVOMOT aurrerapen nabarmena izan da propultsio aeronautikoaren teknologian, eta mugarri bat ezarri du emisioen murrizketan.

Aireko garraioa da azken urteetan gehien hazi den berotegi-efektuko gasen isurketa-iturrietako bat. Europako Parlamentuaren datuen arabera, 1990 eta 2017 artean aireko garraioaren isurketak % 128,7 igo dira, eta dagoeneko isurketa orokorren % 3,42 dira, batez ere, nazioarteko merkataritzaren gorakada handiaren ondorioz.

Eragin hori arintzeko, Ceit zentro teknologikoa buru duen enpresa-partzuergo batek HIVOMOT (HIgh power and VOltage operation of electric MOTors in aeronautics) proiektua garatu du, eta, hiru urtez lanean aritu ondoren, hegazkin komertzialen emisioak murrizteko gai den propultsio aeronautikorako motor elektriko prototipo bat garatu du.

Proiektuaren helburua, Marco Satrustegi garraio eta energia arloko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, «egungo turbinak ordezkatzeko motor elektriko esperimental bat garatzea izan da. Motor horrek High Ecute Superconducting (HTS) teknologiari esker funtzionatuko du, material supereroaleetan oinarrituta egongo da, eta 50 bidaiari baino gehiagoko hegazkin komertzialek erabiltzen dituzten gas-turbinen ezaugarri berak eskainiko ditu».

Gaur egun badaude potentzia gutxiago behar duten tamaina txikiko aireontzi elektrikoak, eta hiri-garraioko, haize-sorkuntzako edo industriako ibilgailuetan erabiltzen dira. Motor horiek errotorean kokatutako neodimio-imanen sistema batean oinarritzen dira. Teknologia horrek, Ceit-eko ikertzaileak azaldu duenez, dagoeneko gaitasun guztiak agortu ditu, eta horrek potentzia dentsitate handiagoko irtenbideak bilatzera eraman zituzten.

Arinagoa eta potentzia handiagokoa, baina ingurumen-inpaktu txikiagoarekin

Sistema horren alternatiba gisa, partzuergoak HTS teknologia erabili du pisu txikiagoko propultsio-potentzia handiagoa emateko eta gas-turbina baten antzeko ezaugarriak lortzeko. Zehazki, 3.000 bira/min. biraketa eta 2 MWko potentzia lortu dira, auto elektriko batek behar duena baino 20 aldiz gehiago.

Eraginkorra izateko, teknologia honek hozte-baldintza oso zorrotzak behar ditu, - 200ºC-koak, material supereroaleen potentzial osoa aprobetxatzeko eta sistema gehiegi berotzen duten galerak saihesteko aukera ematen dietenak. Horregatik, partzuergoak aurre egin behar izan dion erronketako bat hozteko gaitasun handiagoa lortzea eta motor berrian ezartzea izan da, motor berriak propultsio-gailu arruntek baino neurri eta pisu nabarmen txikiagoak baititu.

Beste erronka bat altuerako isolamendu elektrikoaren errendimendua ziurtatzea izan da, han airearen propietateak aldatu egiten baitira, eta motorraren zati estatikoaren isolamendu-baldintzak okertzen dituzte. Erronka horri aurre egiteko, gaur egungo isolamendu teknologiei hainbat saiakuntza egin zaizkie laborategian. Proba horiek altitude baldintza ezberdinetan egin dira, klima-kamera batzuk jarriz eta horien erantzuna behatuz. Horri esker, altueran nola funtzionatzen duen aurreikusi ahal izan da eta motor berrirako isolamendu egokia diseinatzeko beharrezko informazioa lortu da.

Europako industria aeronautikoko eragileek osatutako aholku-batzordea

Ceit buru duen proiektu hau Antec Magnets, Suprasys eta Alconza Berango enpresek ere osatzen dute, eta Europar Batasuneko funtsekin finantzatutako Clean Sky 2 programa europarraren barruan kokatzen da, Horizonte 2020 programaren esparruan. Era berean, proiektuak Airbus, RollsRoyce ITP, Indra, Safran, Egile eta IRT enpresetako ordezkariek osatutako aholku-batzordea izan du. «Batzordeak aurrerapen guztien berri izan du, eta haiek, feedbacka emateaz gain, motorrak bete beharreko eskakizunak eta baldintzak, errendimendua edo garapenen bideragarritasuna adierazi dizkigute», Marco Satrusteguik azaldu duenez.

HIVOMOT proiektua aurrerapen nabarmena izan da propultsio aeronautikoaren teknologian, eta mugarri bat ezarri du emisioen murrizketan. Motor horri esker, aireko garraio komertzialaren sektorean berotegi efektuko gasen emisioak murriztu daitezkeela egiaztatu da.

BERRIEN BILATZAILEA

BERRIEN BILATZAILEA

Noiztik

Noiz arte